XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Herriko Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea Altsasun.

Joan den igandean, abenduak 11, Altsasu nafar herrian bildu zen Euskal Herriko euskalduntze-alfabetatze koordinakundeko arduradun jendea.

Jadanik, jakinaren gainean izango da irakurlea, nolako ekintza daraman Euskal Herrian zehar alfabetatze-euskalduntze Koordinakundeak eta zeintzu diren bere helburuak.

Sinpleki esateko, bere helburua eta lanaren arrazoi bakarra honetara mugatzen da: Euskadi euskalduna nahi izatera, hau da, Euskal Herria nahi izatera.

Jendea alfabetatzen eta euskalduntzen ahalegintzen da Koordinakundea.

Eta gauzak bere tokian uzteko, jende konkretu batetara mugatzen da: eskolaharotik kanpo diren pertsonei, adineko pertsonei.

Era honetako lanak, ez dago zertan esanik, halako karakteristika bereziak agertzen ditu, baina, ez horregatik, garrantzi gabekoak.

Beraz, lan hau erosoagotzen, laguntzen eta hobetzen duten neurrian bete ditzake bere helburuak.

Eta laban honek eraginik bildu ziren Altsasun.

Altsasuko bilera honetara Euskal Herriko eskualdeetako arduradunak joan ziren.

Bai hegoalde eta bai iparraldekoak, guztira 60 pertsona bildu zirelarik.

Bi puntu nagusi ziren eztabaidarako: a) Euskal Herriko alfabetatze-euskalduntze koordinakundea eta udalak.

b) Koordinakundearen egituratzea.

Lehen puntuari hainbat buelta eman ondoren, honako erabakiotara heldu ziren: a) Koordinakundeak autonomia bat behar du, bai bere baitan eta baita beste talde eta beste indarrekiko ere.

b) Koordinakundeak, Euskal Herriko udal bakoitzari, berreuskalduntze lanetarako lokal propio bat eskatuko dio, aintzin kontu orokorrak udalaren gain izanik.

Lokal honetan koordinakundeak izango du aginte osoa.

c) Koordinakundeak bere gain hartzen du euskararen erreibindikapena bere lan eta eginkizun propioei dagokienez.

d) Koordinakundea, orain arte bezala, Euskaltzaindiaren Batzorde autonomo eta berezi bezala jarraituko da.

e) Koordinakundea beste euskal kultur taldeekin batera joango da elkar lanean, eta elkar lana sortzen ahaleginduko da.

Bigarren punduaz hasi baino lehen, beste pundu batzu aztertzea proposatu zen, eta hala egitea erabaki zen.

- Alde batetik, koordinakundearen nortasuna kontutan hartzea eskatu zen.

Bai politika mailan eta baita beste alor batzutan ere.

Honekin ados zetozen denak.

Herrigintza lana ere bere tokian jartzeko garaia heldua zela zioten.

- Honen ondoren, koordinakundeak ahalik eta denborarik laburrenean, Euskal Herri osoari, koordinakundeari dagozkion alorretan, alternatiba bat aurkeztea eskatu zen.

- Nola egin lan hau eta zein bereiztasunez osaturik, eztabaidatu ondoren, erabaki batetara jo zuten: Alternatiba hau lantzeko herri guztiak izan beharko du partaide.

Ondoren eskualde bakoitzak ponentzi baten bidez herrietako iritziak jasoko ditu.

Eta, azkenik, erabaki nazional bat hartuko da.

Denbora falta zela, eta bigarren puntua eztabaidatzeke geratu zen, eta hurrengo batzarrea izendatuz eman zitzaion amaiera.

Hurrengo bilera, beraz, urtarrilaren 15ean, goizeko 10etan izango da, Altsasuan bertan.

Jorratuko den gaia, berriz, Koordinakundearen alternatiba berezia, bertara herrialde bakoitzeko eskualdeetako arduradunak deituak direlarik.